Mundua.com
 
Bloga sortu  Sartu  

Sarrera

Lehor

2010 Urtarrila 31

lehor

Atarian igarotzeko zailak diren ur putzu handiegiak topatzen ditudanetan, etxera itzultzea erabakitzen dut. Probatu duenak jakingo du galtzerdi bustiek ez dutela arratsaldea mikaztu besterik egiten. Pausu bakoitzak hezetasun usaina duenean ingurua ez da berdin ikusten. Hitz trukatzeetan masailak gorritzen zaizkizu, oinak egosten ari zaizkizun sentsazio madarikatu hori dela eta. Autobusean atzeko eserlekuetako batean esertzen zara, aterpean eta seguru ustez, baina bigarren geltokirako behatz puntak izoztu zaizkizula ohartu zara. Eta horrela, toki guztietan.

Eta etxean, arratsalde lehorregia igaro duzun irudipenarekin oheratzen zara. Baina azkazalak moztuta.

ostolaza | Emir Kusturika | 2 iruzkinak Igo gora

Altxorraren bila

2010 Urtarrila 25

altxorraren-bila

Lasterka arinean ari ziren, batetik bestera joan-etorrian, lotsagalduren batek bazterretan barreiatutako mezuak berriro ordenatu asmotan. Bazuten jokoaren zailtasunaren berri, bazekiten mezu bakarrak zioela egia eta gainerakoak ez zirela matrioska amaigabe haren zati baino. Kontuak kontu, saiatzeak kalterik ez ziela egingo eta arrapaladan joan ziren lehendabiziko papertxoaren bila.

Zoko txikienak miatu zituzten, ezkutaleku burutsuenetako zuloak topatu eta ahanzturan eroritako ganbarako hautsak astindu. Papertxo berri bakoitzak eragiten zien irria eta itxaropena, mezu bakoitza zen pausu bat amaierara bidean. Baina pausuak ez dira berdin ematen ordekan eta aldapan. Eta maldan gorakoan asko gogoratu ziren hasierako adore harekin, eta konturatu ziren zenbateraino ziren orduan zailtasunen jakitun. Beste batzuei oinetako lokarriak askatu zitzaizkien eta zangotrabatuta erori ziren lurrera. Altxa zirenerako alde eginak ziren gainerako parte hartzaile apurrak.

Azken hauen artean ere desadostasunak nabarmendu ziren. Batzuek altxorra eskuratu nahi zuten kosta ala kosta. Besteek zioten helburua ez zela hori, urrats bakoitzak pizten zuen ilusioa baizik. Baina dena den, denbora igaro ahala papertxoek poza banatzeari utzi eta gezurti itxura hartu zuten, mesfidantza sortzeraino. Amaierarik gabeko joko zentzugabe hark ezin zuen luzaro iraun.

Bost itzuli eman zituen ezkilak eliza-dorrean. Plazako txokolate bero usain bat-bateko hura tentagarriegia zen umeentzat. Berriro irribarreak eta berriro ilusioa. Ilara luzean jarri ziren eta laster zituzten ezpain-muturrak orbanez zikinduta. Erraza izan zen.

Ahaztutako altxorrak, berriz, han jarraituko du, enbor-zulo hezeren batean. Edo ez, agian ez, baliteke honezkero zizare azkarren batek guztiz irenstea. Zuhaitza berriro loratuko dela udaberrian, hori da gauza seguru bakarra.

ostolaza | Emir Kusturika | 0 iruzkin Igo gora

Ezin kabitua

2010 Urtarrila 17

dotoreegia-aitona-izateko

Amorruz idazten ditut hitzok. Hala ere, ez nuke haserre egoteko motiborik izan behar. Edo agian bai. Ez dakit. Gustuko dut inkonformismoa, itxuraz normala denari arantzak ateratzea, guztiek sinesten dutena dudan jartzea. Baina aldi berean, ez ditut inkonformistak maite, inkonformista izatea bera oso erraza delako askotan. Eta ni zer naiz?

Masa grisa da, monotonoa eta aspergarria. Inurri talde bat bata bestaren atzetik segika, auskalo zergatik. Beren inurri izatearen ondorio soil. Pobre. Deus. Paturik bada, patuaren morroi leial. Gustuko ditut masatik bereizten diren arimak, grisari kolore apur bat ipintzen dietenak. Baina aldi berean nazkatzen naute, ispiluak maite dituztela iruditzen baitzait, euren buruak laudorioztatzen oso abilak direla uste baitut, zein koloretsuak diren oihukatzen dute lau haizetara. Ez, hori ez dut atsegin. Eta nik ba ote dut kolorerik? Ispiluak ez dit erantzuten.

Kritikoen kritikoa. Figura polita da. Arruntetik bereizten direnak arruntetik bereizten direlako kritikatzen ditu, baina aldi berean gorroto du arrunta izatea. Berak ere ez du arrunta izan nahi, baina ezta berezi ere. Inon ez dago gustura kritikoen kritikoa. Eta kritiko ez direnak kritikatzen dituen kritikoa ere bada. Bere burua gorrotatzen duena ere bai, baina norabait bideratu nahi du, gorrotatuko ez duen tokiren batera. Eta bidaia horretan igaroko du bizitza, fantasiazko leku haren bilaketa desesperatuan, mundua ez dagoela ongi esanez. Baina berak ez du ezer egiten aldatzeko. Soilik hitz egin.

Inork ez dio ulertzen, ordea. Bere ideiak hitzetan desitxuratzen direlako agian. Edo agian ideiak argi ez dituelako eta berak asmatutako burbuila horretan bizi delako. Auskalo. Berak ere ez daki. Nik ere ez dakit. Ez dakit ni edo bera naizen ere. Ni, ni izango naiz seguruenik.

Eta inguruan badirudi denek argi dutela zer pentsatzen duten. Printzipioak ongi definituta. Guztia seguru. Barkatuko didazue, baina nik ez.

ostolaza | Emir Kusturika | 3 iruzkinak Igo gora

Aspertu zen panpinekin

2010 Urtarrila 12

mattin

Badu bere larruaren berri. Ispilu aurrean igarotako uneak alferrik direla esango dute gero. Badaki jendeak zer ikusten duen beragan, badaki beragandik zer espero duten. Musugorriak eta azal leuna, begirada pikaroa. Orduan, tranpa egiten du, xomorro-xomorro. Inguratzen zaizkion denak kontrolatzen ditu eta larruazal itxurako mozorroan kamuflatzen da, begirada guztiak horra desbideratuz. Gutxi dira ohartzen direnak, gutxi dira toki egokian bilatzen dutenak. Gehienak aurpegira begiratzen ausartzen dira oraindik, eta bere galderei erantzunak ematen. Lezio itxurakoak gehienak.

Ez dira ohartzen jostailu direla berarentzat. Eta jostatzeaz aspertzean, ez dituela tiraderatik berriro aterako.

ostolaza | Argazkigintza | 0 iruzkin Igo gora

Menturaren abentura

2010 Urtarrila 7

…zeharkatu nuen ate bat, egurrezkoa zirudien, baina ez nintzen Malcovich bilakatu…contraluz

…ta hemen nago baina eztut nire presentzia somatzen…

ostolaza | Argazkigintza | 4 iruzkinak Igo gora

Inboluzioa

2010 Urtarrila 1

zoriontsu-izan-nahi-duenak

Zoriontsu izan nahi duenak ahantzi dezala guztia

ostolaza | Argazkigintza | 6 iruzkinak Igo gora

Single sock cutting the beard (at midnight)

2009 Abendua 27

ostolaza

Pelikula futurista bat ikusi behar nuke, lasaitzeko. Bidezidorrak omen dira topatu behar direnak, baita lurzoru zikina badute ere. Pikutara. Pikutara teatroak eta maskara beltzak, gidoilari eta aktoreak, protagonistak eta publikoa. Gero esango dute edatea txarra dela. Osasunerako. Lezioak edonon, arbela da mundua eta zuk irakurri besterik ez duzu. Baina ahal duzuna bakarrik ikasten duzu. Nahi duzuna, esango dizute batzuek.  Kaka diskurtsoentzat, ezker eta eskuinekoen hitz potolo zein meharrentzat. Denok gara gure inguruaren biktima. Eta gezur txikiengatik ez balitz… istorioak gezur politak direla esango banizu, zer? Duda egingo zenuke akaso. Ez, ez zait iruditzen, gaur egun duda ez du inork egiten. Seguru hitz egiten du jendeak. Baleki bezala. Nik ere bai.  Miopeek ere badute mundua ikusteko era bat, batzen dituen arrazoi bat eta bizitzeko estilo bat.  Askok hori ere ez.

Eta hik, hik zeri begiratzen diok?

Bizarra moztea izango dut onena. Eta pelikula futurista bat ere ikusi behar nuke, despistatzeko edo.

ostolaza | Argazkigintza | 4 iruzkinak Igo gora

Maldan beherako harria

2009 Abendua 11

maldan-beherako-harria

Oraindik kokospeko lehendabiziko ileak ia ateratzen hasi gabe izanagatik ere, bizar zuriek bezala hitz egiten zuen. Lezioak ematen ez dakit, baina bere kontakizunek bazuten irakaspen kutsu bat. Ez luke horrela hitz egin behar. Gazteegia zen horrela aritzeko.

– Maldan beherako harriarena kontatuko dizuet- esan zigun halako batean.

Egoera nahiko sektarioa zela aitortuko dut. Su txikia, eta inguruan zazpi gazte. Bera, noski, erdian. Jesukristoren antza zuela esango nuke, baldin eta kokospeko ile fin haiek sendotuago balitu. Baina horrela ezin zen Jesukristo izan, Jesukristoren saiakera antzu bat, asko jota ere. Kontua da hark bezala ipuinak kontatzen zizkigula, eta guk ez geniola barrerik egiten. Hori ere ez dakit zergatik, zeren egoera zinez zen barregarria. Baina, beno, denboraren prismatik begiratzean barre egitea erraza da. Eta komodoa.

– Bizitzako gauza politenak dira maldan behera doazen harriak. Bakoitzak aukera ditzala zein diren bere ustez gauza horiek. Baina direnak direla ere, maldan beherako harriaren istorioa baliagarri izango zaizue.
Eta ekin zion, eztarrian korapilatutako mukiak kanporatu ostean.

– Maldan behera doan harriak, hasieratik erakusten du borondate bat, eta hori da maldan behera joan nahi duela. Orduan gu sartzen gara eszenan, eta harriari ez diogu uzten nahi duena lortzen. Eskuez inguratu eta gora egiten diogu bultza. Eta apurka harria gorantz mugitzen hasten da. Eta bide luzea ere egin dezakegu gora. Hala ere, gailurrik ez dugu sekula ikusiko. Ez dugu ikusiko, batetik, harriaren bolumen handiak gure bista eragozten duelako eta bestetik, harria bultzatzen ari gareneko malda hau, kasualitatez edo ez, baina izugarri malda garaia delako. Eta harria ez, baina gu nekatu egiten garenez, gehienetan pausua makalduko dugu, eta baldartu ere bai. Eta hala, hanka zulo batean sartu eta estropezu egingo dugu. Harria, orduan, gure gainetik igaroko da beti desiratu izan duen norantzan. Alferrik orain arteko bidaia, pentsatuko dugu.
Ongi ari zela iruditzen zitzaigun. Elkarri mirespen keinuak tartekatzen genizkion.

– Beste aukera bat izan daiteke, harriak gu zapaldu beharrean gu nazkatzea harriarekin. Eta erabakitzea, desesperazioak gaindituta, gailurrerako bideak ez duela merezi eta harria askatzea. Harriak, berriro ere, bere berezko bideari ekingo dio, amildegiren batean desagertu arte.
Vodka botila gardenari bota zion tragoa, bai baitzekien hizlari trebeek tarteka atsedenaldi bat hartu ohi zutela eztarria bustitzeko aitzakiarekin, baina entzuleen aurrean interesante plantak egiteko izaten zen, gehienetan.

– Azkenik, gerta daiteke harria sekula ez askatzea eta beti gorantz bideratzea. Gailurra zapaltzea ez da ohikoena izaten. Baina harria sekula askatzen ez duen hark, nahi gabe ere, beti izango du gorako ibilaldian zehar halako beldur bat, harriak ihes egingo ote dion beldur bat. Bai baitaki harriak ez duela barkatzen, eta hari bultzaka irauten duen denbora dela benetan balio duena. Badaki harriak ihes egiten badio, harria bultzatuz igarotako uneak ere amildegi berean eroriko direla, betiko. Ahanztura betiko baita, eta unean bizitakoa probisionala gehienetan.

Eta berriro edan zuen botila gardenetik, gau hura ere betikotasunean ahantzita gera zedin edo. Ez zuen, gizajoak, bere helburua lortu.

ostolaza | Emir Kusturika | Iruzkin 1 Igo gora

Eta nik eskabadorekin amesten nuen

2009 Abendua 10

probisional

Paisaiak lapurtu dizkidate, baina ez dira errudun sentitu.
Orain, paisaia haiek nigan soilik dute existentzia.
Orain, paisaia haiek ez dira errealak.
Eta ez ditu inork bisitatuko,
probisionalak direlako.
Guztiaren modura
dute kaduzitate
data.

Eta nire iragana egia ote den ere zalantzan jartzen hasia naiz. Probisonalki.

ostolaza | Emir Kusturika | 3 iruzkinak Igo gora

Ispiluak betazaletan

2009 Abendua 6

itsu

Orduan gogoraraziko didazu lehengo astekoa, heriotzarena. Heriotzaz pentsatzen aritu nintzela barraren zurruntasuna lagun. Goizaldean, harategi moderno hartan. Ez dira une egokienak halako gauzetarako, arrazoi duzu. Baina zer, galderek erasotzen banaute? Ezikusiarena egiteak ez du norberarekin balio, zu zarelako ikusten duzuna eta ikustea nahi ez duena, aldi berean. Ispilu baten aurrean katez lotuko bazintuzte bezala da, baina okerragoa. Betazalen pean ere ispiluak egongo balira legez. Mingarria, zeharo.

ostolaza | Argazkigintza | 2 iruzkinak Igo gora

Jakintsua zuan René

2009 Abendua 3

hau-ez-da-pipa-bat1

Irudia testu hau bezain subjetiboa izan zitekek. Errealitate baten errepresentazio huts baituk, eta ez errealitatea bera. Laukizuzen bat betetzen dik, baina ez laukizuzenetik haratago dagoena. Eta erakusten ez denak dian garrantzia…
Irudia afirmazio bat duk, afirmazio zentzuduna, ustez. Baina ez al dituk ba gezur zentzudunak okerrenak?

Kontuz irudiekin, amigo.

ostolaza | Koaderno horia | 3 iruzkinak Igo gora

Geltokiak

2009 Azaroa 22

2

Lagun batek esan zidan, eta ez zen isildu harik eta nik ulertu nuela ziurtatu nion arte, geltokiak ez direla lekuak. Esan nahi da ez dutela leku bezala funtzionatzen, toki baten eta beste baten arteko trantsizio direla. Ez direla helmuga, bidea baizik. Zubiak, azken batean.
Geltoki zahar hartan eman zenidan musua espazioan kokatu ezinda nabil geroztik.

ostolaza | Argazkigintza | Iruzkin 1 Igo gora

Oinatzak

2009 Azaroa 12

haurra-hondartzan

Lasterka arinean doa baina aztarnak uzten ditu, norbaitek jarrai diezaion agian, ala itzulerako bidea topatzeko, bestela. Oinatzak izan daitezke bi gauza. Agian gehiago ere bai, baina bi gutxienez. Izan daitezke oinaren argazki bat bezala, zantzuak, kopia salatariak. Eta izan daitezke harearen deformazioa, akats bat perfekzioan, mantxa bat koadro baliotsuan. Oinatzak bi gauza izan daitezke, harea edo hanka, bietan garrantzizkoena denaren arabera.

Hau ere sinbiosi izatea gehiegizko litzateke, ala?

ostolaza | Argazkigintza | Iruzkin 1 Igo gora

Azalaren garrantzia

2009 Azaroa 8

maskara

Eta ez ote zaizu ahaztu
azalaren garrantzia
aktore abilena dela
pertsona onena
beti maskaraz jantzia.
Oskola dela, azken batean,
harremanetan guztia.

Eta ni, itzaletik dabilen
zuri frustratua,
arrotz
inguru egonkorrean.
Tokatu zaiguna eta
aukeratu dugunaren arteko balantza
desorekatuari begira.

ostolaza | Emir Kusturika | 4 iruzkinak Igo gora

Esponja bat ozeano handian

2009 Urria 31

umea-itsasoan

Sartu zenuen apurka baina ez zinen ohartu une berean gertatu ziren aldaketez. Eta poztekoa da, hala balitz zerebro estresatu horrek arnasa hartzea bera ere esperimentu zientifikotzat hartu eta txosten zehatz bat idatziaraziko lizuke eta. Zorteduna zara, zoritxarrekoa ez izatea soilik zorteduna izatea bada, bederen. Ez zenuen itsas mailaren igoera txiki bat antzeman. Ez zenituen ur partikulak zure larruazalaren inguruan pausatzen pertzibitu. Eta esponjaren gorpuaren jabe bat-batean nola egin ziren ere ez zinen konturatu. Nola esan, nola azaldu, une hartan zu ez zinela ur ertzean makurtutako hura, eskuetan zeneukan objetu bustia baino?
Garela uste duguna gara. Prototipo bat, geuk sortutakoa. Eta zuk ez dituzu zakurrak atsegin. Berez. Ez, sentitzen dut, baina lauhankako zaunkariekiko berez duzun afektua neutroa da. Kontua da behin, kioskoetan gezurrak euro terdian saltzen zituzten egun haietako batean, sinestarazi zeniola zeure buruari zakurrak gustoko zenituela. Auskalo zergatik, auskalo zer ingurutan, auskalo zerk bultzatuta. Baina sinestarazi zenion. Eta berdin zure ustezko ideia ezkertiarrekin edota rockabilly estiloari diozun kariño espezial horrekin. Sentitzen dut mindu bazaitut.
Ez nizuke hau aitortu behar baina ez zara margolaria. Zu koadroa zara. Zure margolariak pintatutakoa. Ez zara sortzailea, produktua baizik. Hark hautatzen du, espazio osoko leku bat, bakarra, eta bere koadroan hori irudikatzen saiatzen da. Lagin bat zara, esponja bezala. Ozeanoko urik sakonenak sekula zurrupatuko ez dituen esponja bezala.

ostolaza | Emir Kusturika | 2 iruzkinak Igo gora

Zebra erdi

Azken iruzkinak

Atalak