
Zure ahotik nire izena entzun nuen
behin eta berriro,
eta begiratu nizun.
Baina nire izena entzuten jarraitzen nuen
etengabe,
eta agurtu zintudan.
Ahotsa ez zen ixiltzen
eta hitz egin nizun.
Baina ixil zintezen.
Ez zinen ohartu,
are ozenago hasi zinen niri hoska.
Eta hitzik ez egitea erabaki nuen.
Zure mezuak ailegatu zitzaizkidan,
eta ez agurtzea pentsatu nuen.
Baina zuk, itsu horrek, deika jarraitu zenuen…
eta erabaki nuen,
begiratzerik ere ez zenuela merezi.
Iruzkinak

Jainkosa zara niretzat, ttiki. Harrapaezina, lortuezina.
Sorgindu nauzu.
Eta ni ez naiz, zure sorginkeriaren biktima soil bat besterik.
Lamia zara.
Abestu zenuen, eta zure egin ninduzun.
Zure.
Erabakitzeko eskubiderik gabe,
nahikoa izan zen doinu hura.
Orain, ez dut lorik hartuko, beste behin,
erreka ertzean irudikatzen zaitudalako,
kitarra eskuan.
Eta jantzita zeneraman jertse hura,
polita zen.
Eta irribarre bihurri hura
gustatu zitzaidan.
Erotu nintzen.
“Zelai berdeetan, zeru urdinetan, arrats eguzkitsutan”,
Baina,
ez nintzen ni hura.
Zure ahotik irteten zen doinuaren destinu.
Iruzkinak

Amets egin dut, urrun, bizilagun kuriosoen begibistatik urrun, itsasoari begira nengoela zurekin hondartza bakarti batean. Eguzki gorrituaren azken printzek aurpegia koloreztatzen zizuten ni palmondo baten itzaletan babesten nintzen bitartean. Zu zinen, zu soilik, gaueko erregin.
Belarrira esan nizun berriro ere zenbat maite zintudan. Irribarre egin zenidan. Bai, bi hitz. Bi hitz soil, baina mila hitzek baino indar handiagoa zuten une hartan. Indarra ez. Zuk ez zenuen gustuko indarra. Xarma, edertasuna, laztanak…nahiago zenituen. Nik ere bai.
Eguzkiak bidea ireki zigun, suzko bidea, olatuen gainetik. Beragana joateko eskatzen zigula zirudien. Nik ez nuen eguzkirik nahi, zu zintudan.
Esan zenidan bizarra ebakitzeko, politago nengoela. Nik esan nizun zuk bizarra bazenu ere polita izaten jarraituko zenukeela.
Esan zenidan txokolatezko izozkiak zenituela gustuko, eta nik esan nizun zure ezpainetako txokolate arrastoak garbitzeko desiatzen nengoela.
Esan zenidan zure amak diabetesarekin arazoak zituela, eta esan nizun ulertzekoa zela, zu bezalako azukre koxkorra sortzeko gai izan bazen.
Baina esnatu nintzen. Munduz aldatu. Zein ote benetakoa?
7etako albistegiarekin esnatu nintzen. Ekialde Hurbileko hilketak, Euskal Herriko atxiloketak eta txorakeriren bat.
Nik, nahiago ametsetan bizi.
Iruzkinak

Gaur,
sortu nahi dut:
ezerezetik.
Jainko izan.
Nahi dudana,
nahi bezala,
sortu.
Burua lan egitera
behartu gabe,
lan egiten utziz.
Ez dagoena, sortu.
Badakigu zer dagoen,
baina ez zer ez dagoen.
Gaur
poeta,
musikari,
emakume,
artista…
izan nahi dut.
Ez naizena,
izan nahi dut.
Iruzkinak

Zer gaituk bada, elkarrengan babes faltsua bilatzen diagun arima galduak baino? Zer, gure gezurrak sinesten ditugun itsaso zabaleko txalupa bakartiak baino? Ni hori nauk, bai, baina baita heu ere. Hire hitzak entzuten ditiat behin eta berriro, hire ahotik ez baduk hire hitz berdinak errepikatu besterik egiten ez dizkiaten aho itsu horietatik. Baina ez ezak pentsa horregatik inor haizenik, galdutako ardien artzain baino.
Beti egon dituk ardi galduak, eta beti egongo dituk. Galduta zeudek oso, eta hargatik bidean aurkitzen diaten lehen belarrari egiten ziotek kosk, zer den erreparatu gabe, izan sasia edo garoa. Eta gero harrotzen dituk, beste ardi galduekin elkartzen badira. Jada ez baitaude galdurik, ustez.
Baina, hi ere ez haiz horietako bat besterik, eta ez bahaiz ohartzen hire gezurrak sinesten ditualako duk. Eta hori ez duk ona. Horregatik, hire hobebeharrez esaten diat:
-Galduta hago.
Iruzkinak

Etsipenak erakutsi dit etxerako bidea.
Amorrua eta inpotentzia.
Goizeko hirurak: etsipena, amorrua eta inpotentzia.
Mingainak aske dira,
aske nahi dutena adierazteko,
baina nago
batzuetan ez ote liokeen mingainak buruari kontsultatu behar,
esan beharrekoa.
Mingain askeak…arriskutsu suerta baitaitezke
askotan.
Baina…
ez naiz ni izango hau dena aldatu behar zuen hura.
Iruzkinak