Sinetsi nahi nuke

2008 Apirila 30 @ 22:21 (Ostolaza´s reflections)

sinetsi

Sinetsi nahi nuke

noizbat ametsak bete ahal izango ditudala,

eta amets egiteari sekula utziko ez diodala.

 

Sinetsi nahi nuke,

boterean dagoena ez dela diruzalekeriaren zapoan eroriko,

eta ez dagoena ez dela zorretan ito.

 

Sinetsi nahi nuke,

irabaziko dugula,

oraindik aukera badugula.

 

Sinetsi nahi nuke,

gizakia guztiz bakean biziko dela,

gizakia animalia baketsua dela.

 

Sinetsi nahi nuke,

nire herrian noizbait denek nire hizkuntza ulertuko dutela,

arrain txikiak handiari aurre egingo diola.

 

Sinetsi nahi nuke,

goiko guztia sinesten dudala.

 

Baina haundiek haundi

eta txikiek txiki

jarraituko dugu.

Boteredunak goran,

boteregabeak beheran.

 

Eta umeek eskolatik ateratzean amari ogitartekoa eskatzera joango dira, eta igande goizetan atsoek elizara joaten jarraituko dute,

eta hori gertatzen den bitartean, inor ohartu gabe, egunkarietan gezurrak irakurtzen jarraituko dugu.

Ez da ezer aldatuko, gezurretan biziko gara.

5 Iruzkin

Ni

2008 Apirila 15 @ 22:01 (Ostolaza´s reflections)

Gogoetan

Gaur ere,

hasi naiz idazten, zertaz jakin gabe.

Ez nazazu bakarrik utz, orain, hain txikia naizenean

dio desioen doktoreak.

Besarka nazazu.

Bere hitzak nire egin nahi nituzke,

baina ezin.

Sarritan, ez naizena naiz,

eta horrek kezkatzen nau.

Ez naiz ni, nitar aktorea naiz…

nitar faltsua.

Baina,

agian,

hori naiz ni,

nitar faltsua izatea da nire egiazko izaera…

katamaloak ditut,

maskarak.

 

Oraingo ni,

desioen doktorea erlaxatuta entzuten ari den nitarra…

hori ote naiz ni?

Idazten ari naizena,

nire benetako ni horretatik ari al naiz idazten?

Ala Ostolaza ez da nire benetako ni-aren ispilu?

 

 

Aitak ohera joateko dio, berandu dela eta…

bai, agian berandu da nire benetako ni-a aurkitzeko…

 

hala ere, bila jarraituko dut.

2 Iruzkin

2008 Apirila 11 @ 22:31 (Ostolaza´s reflections)

Hutsa naiz.

Nirekoi hutsa.

Maiteko nuke Sabinaren erotikotasuna,

nitarra balitz.

Baina nitaz soilik hitz egiten dut

zerbait handia banintz bezala,

eta ez, ez naiz.

Maiteko nuke Atxagaren hizketa lasaia,

nitarra balitz.

Baina hitz jario azkarrekoa naiz.

Nahi ez dudana naiz.

Eta Egañaren azkartasuna ere,

nitarra balitz,

maiteko nuke.

Eta Gu ta Gutarrak-en

“gu”-a maiteko nuke,

“gu” hori nitar balitz.

Nire nitarrak eta zureak ez baitira berdinak.

Ba al dago gutarrik?

 

Nirekoi hutsa naiz.

Iruzkinak

Oroitzapen huts bat soilik

2008 Apirila 9 @ 22:46 (Ostolaza´s reflections)

Zugan pentsatzen

Zure begiek itsutu ninduten,

eta ordutik zu ikusten zintudan

ispiluan,

autobusetako leihoetan,

 eta kaleko bazter guztietan.

 

Egunero, minutuero, hitz egiten nizun.

Eta gero, aste bat igarotzen nuen hitzik ere egin gabe,

gogaikarri hutsa nintzela pentsa ez zenezan.

 

Eta ez zinen, ez,

guztiak atzetik zituen neska lerdena…

 Ez, horregatik zintudan atsegin.

 

Zuk bazenekin, baietz?

Ziur nago, bazenekien…

zuk dena zenekien.

 

Baina elkar ikusi gabe igarotako urteen adina

gora zihoan.

Eta ahaztu zintudan.

 

Behin,  gau ero batean,

zure bularrak ikusi nituen

eta erakarri ninduzun.

 

 Orain, ordea, berriro ere,

ez zara oroitzapen urrun bat baino…

baina ez da gehiegi

maite zintudala esatea.

Iruzkinak

Idatzi

2008 Apirila 3 @ 22:49 (Erretorikak)

idatzi

Idazten dut:

amorrua askatzeko,

poza adierazteko,

maitasuna,

ametsak,

sentsazio bat,

interesantearena egiteko,

nire burua engainatzeko,

aspertzen naizenean,

sariek tentatzen nautelako (materialismoak, denak bezala…),

joana nagoelako,

txoroa naizelako…

 

berdin dit.

 

Baina idazten dut, eta hori da garrantzitsua. Izan ona, izan txarra. Gizarte honek duen akats nabarmen bat da gizakia irenstea, bere barrurantz begiratzean itsutzea, sarean harrapatzen gaitu, hatzaparretan, kartzelaratzen gaitu. Eta idazteak, une batez behitzat, bizitza beste perspektiba batetik ikusten laguntzen du. Une batez bada behintzat. Oso gauza ederrak idatz ditzakezu eta gero errealitatean ez horrela jokatu. Baina idazten ari dena lasai dago, barnera begiratzen du eta esaten du: ea gaurkoan zer esaten didan barneak. Eta berarentzat gorde beharrean, idatzi egiten du. Gizartea domatzeko modua izan daiteke.

Horregatik, idatzi, beldurrik gabe, edozertaz.

 

Eta bitartean pentsatu, gizarte mamuaren atzaparretatik ihes egitea lortu duen zortedun apurretako bat zarela, biziraule bat.

 

Iruzkin 1

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5