
Ahmedek ez du lagunik. Klaseetara joaten da eta bazkaltzeko zerbait jan ostean arratsaldea ordenagailuaren aurrean igarotzen du. Ordenagailuak errespetatu egiten du: berak agindutakoa bete eta arparik ez jo.
Gaur goizean eskolara eguzkitako betaurreko moderno batzuekin sartu da Ahmed.
- Oh, Ahmed, you have very beautiful glasses- esan dio isilik egon ezin duen klaseko oilarrak.
Ahmedek burua jaitsi du. Bera ez da halakoa. Ez da besteak bezalakoa.
Kalean topatzean ere, juxtu juxtuko agurra botako dizu. Eta jendeak ixila eta ezatsegina dela esango dizu.
Niri, ordea, gustatzen zait.
Iruzkinak

Ez dituk maite
biharamunak.
Batez ere, bezperan egina gorrotatzen duanean.
Bai, esaten didak lasai egoteko,
alkoholak ez duela barkatzen.
Baina tarteka ikasi nahi huke,
ixilik egoten,
eta begiraden jomuga izan nahi hori
ahanzten.
Betiko berritsuek betiko hitz berak esaten dizkiate behin eta berriz,
eta betiko moduan hitz jario aspergarriari men egiten diok.
Eta halakoetan berritsuen konplize huts baizik ez haiz bihurtzen.
Egia esan, agian hainbestetan errepikatzen diken batek
arrazoi pixka bat eduki zezakek.
Mick, inutila haiz.
Eta galtzailea.
3 Iruzkin

Kale bazterreko taberna baten aurrean botata zegoen, ron botila eskuan zuela kantari eta aurretik igarotzen zen bakoitzari garraxi egiten zion. Denak beste espaloira igarotzen ziren. Beldur ziren. Lurrean botata zegoen gizarajo baten beldur ziren.
- Taberna horretan ez hadi sar, “Galtzaileen kluba” esaten ziotek.
Eta jendeak ez zuen ezer jakin nahi izaten. Gurasoek seme-alabei debekatu egiten zieten han sartzea:
- Toki arriskutsua da hori, hortik urrun ibili-esaten zieten.
Bizilagunek leihotik leihorako elkarrizketetan gogoratzen zituzten tabernan sartu ohi zirenak. Irakasleek, umeek kasurik egiten ez zietenean, taberna hartan sartuko zituztela egiten zieten mehatxu. Apaizek sermoietan etengabe aipatzen zuten leku hura galbidea zela. Prentsako iragarkietan ez zuten tabernaren iragarkirik onartzen. Politikariek ilegalizatu egingo zutela esan zuten eta polizia bidali zuten, kluba prezintatzera.
Eta hala gustura geratu ziren.
Baina eurak ez ziren ohartu, orduan ez zutela itxi eta ez dutela sekula itxiko. Guztiok igaro garela noizbait galtzaileen klubetik.
Matematikako azterketa suspenditu duena, pilota final batean partidua galdu duena, kasting batera joan eta hartzen ez dutena, larunbat gauetan lagun guztiek ligatu ostean etxerako autobusa bakarrik burumakur hartzen duena…
Inor ez da eurekin gogoratzen. Gizartean norbait izatekotan, onena izan behar da zerbaitetan.
Baina fisikan katedraduna den ikerlari ezagunena ere, emazteak uzten duenean, Galtzaileen Klubetik igarotzen da ron botila hustu asmoz.
Iruzkinak