Gaur ez dut idatziko
Bakardadea dudala lagunik onena.
Ez dut idatziko arrain haundiak txikia jaten duela.
Ezta gorroto bihurtu dela hasierako maitasuna.
Idatz nezake,
Alkoholetan itotzen ari naizela neskak utzi nauelako.
Nire amona hil dela.
Edota herriko apaiza fedea eta emakumeen artean
Hautua egin ezinda dabilela.
Hitz ederrez idatziko nituzke horiek,
Estoldak aipatuz,
Kaioak ere ez leudeke gaizki.
Malkoak, muxuak eta potolokeriak.
Baina ez,
Ez dut horietaz idatziko,
Ostolaza ez delako Literatur Lehiaketa bat,
Ostolaza sariak ez direlako existitzen,
Eta hemen,
Idatz dezakedalako
Nire bizilagunaz,
Aitonaren katuez
Edota zutaz.
Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5