Galtzaileen kluba
Kale bazterreko taberna baten aurrean botata zegoen, ron botila eskuan zuela kantari eta aurretik igarotzen zen bakoitzari garraxi egiten zion. Denak beste espaloira igarotzen ziren. Beldur ziren. Lurrean botata zegoen gizarajo baten beldur ziren.
- Taberna horretan ez hadi sar, “Galtzaileen kluba” esaten ziotek.
Eta jendeak ez zuen ezer jakin nahi izaten. Gurasoek seme-alabei debekatu egiten zieten han sartzea:
- Toki arriskutsua da hori, hortik urrun ibili-esaten zieten.
Bizilagunek leihotik leihorako elkarrizketetan gogoratzen zituzten tabernan sartu ohi zirenak. Irakasleek, umeek kasurik egiten ez zietenean, taberna hartan sartuko zituztela egiten zieten mehatxu. Apaizek sermoietan etengabe aipatzen zuten leku hura galbidea zela. Prentsako iragarkietan ez zuten tabernaren iragarkirik onartzen. Politikariek ilegalizatu egingo zutela esan zuten eta polizia bidali zuten, kluba prezintatzera.
Eta hala gustura geratu ziren.
Baina eurak ez ziren ohartu, orduan ez zutela itxi eta ez dutela sekula itxiko. Guztiok igaro garela noizbait galtzaileen klubetik.
Matematikako azterketa suspenditu duena, pilota final batean partidua galdu duena, kasting batera joan eta hartzen ez dutena, larunbat gauetan lagun guztiek ligatu ostean etxerako autobusa bakarrik burumakur hartzen duena…
Inor ez da eurekin gogoratzen. Gizartean norbait izatekotan, onena izan behar da zerbaitetan.
Baina fisikan katedraduna den ikerlari ezagunena ere, emazteak uzten duenean, Galtzaileen Klubetik igarotzen da ron botila hustu asmoz.
