Tximeleta

2008 Iraila 14 @ 22:08 (Galtzaileen kluba)


Tximeleta izan nahi duen

Harra naizela uste dut.

Amets egiten dut,

Hegoak hazi zaizkidala

Baina goizean esnatzean,

Tarteka,

Ohartzen naiz ezetz,

Oraindik asko falta zaidala

Tximeleta izateko.

Eta neure burua kontsolatzen

Hasten naiz,

Esanez,

Agian hobe dela horrela,

Besteak bezalako har bat izatea.

Bai baitakit

Tximeletek bizia labur dutela.

2 Iruzkin

Koaderno horia II (eromena)

2008 Iraila 2 @ 22:24 (Belfast)

 

 Gauero begiratzen diot erlojuari,

azaldu ez zinen egunean bezalaxe.

Ordutik parke hartako arbustoak

asko hazi dira.

Eta nik beste espaloira pasatzen

jarraitzen dut,

aldatzeko,

ez omen da ona kalea zuzen

zeharkatzea.

Hala dio medikuak,

nire bizar urdindua baino urte

gehiago biziko naizela oraindik.

Baina bakarrik bizitzeko,

hobe bizarra moztu.

Plantxatzen ikasi dut ordutik,

aizu,

eta gustuko dut.

Ur beroaren lurrunak

zure hatsa gogorarazten didalako,

agian.

Edo, besterik gabe,

gustuko dudalako.

Baina hala ere,

arropak ez dit zuk zenuen

usain hura hartzen.

Asko saiatuagatik,

alferrik da.

Agian lixiba gehiago probatu behar nituzke,

baina diruak ihes egiten dit

gaueroko ronetan.

Zugandik gutxi ikasi nuen,

ez nizun arretarik jartzen,

eta pena dut.

Agian, maitatzen soilik irakatsi zenidan.

Baina nire zakurrari jaten ematera

joaten naizen bakoitzean

maitatzen ahaztea desiatzen dut.

Jada hau ez delako zoriona,

eromena baizik.

Iruzkinak

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5