Koaderno horia II (eromena)
Gauero begiratzen diot erlojuari,
azaldu ez zinen egunean bezalaxe.
Ordutik parke hartako arbustoak
asko hazi dira.
Eta nik beste espaloira pasatzen
jarraitzen dut,
aldatzeko,
ez omen da ona kalea zuzen
zeharkatzea.
Hala dio medikuak,
nire bizar urdindua baino urte
gehiago biziko naizela oraindik.
Baina bakarrik bizitzeko,
hobe bizarra moztu.
Plantxatzen ikasi dut ordutik,
aizu,
eta gustuko dut.
Ur beroaren lurrunak
zure hatsa gogorarazten didalako,
agian.
Edo, besterik gabe,
gustuko dudalako.
Baina hala ere,
arropak ez dit zuk zenuen
usain hura hartzen.
Asko saiatuagatik,
alferrik da.
Agian lixiba gehiago probatu behar nituzke,
baina diruak ihes egiten dit
gaueroko ronetan.
Zugandik gutxi ikasi nuen,
ez nizun arretarik jartzen,
eta pena dut.
Agian, maitatzen soilik irakatsi zenidan.
Baina nire zakurrari jaten ematera
joaten naizen bakoitzean
maitatzen ahaztea desiatzen dut.
Jada hau ez delako zoriona,
eromena baizik.