Koaderno horia II (eromena)

2008 Iraila 2 @ 22:24 (Belfast)

 

 Gauero begiratzen diot erlojuari,

azaldu ez zinen egunean bezalaxe.

Ordutik parke hartako arbustoak

asko hazi dira.

Eta nik beste espaloira pasatzen

jarraitzen dut,

aldatzeko,

ez omen da ona kalea zuzen

zeharkatzea.

Hala dio medikuak,

nire bizar urdindua baino urte

gehiago biziko naizela oraindik.

Baina bakarrik bizitzeko,

hobe bizarra moztu.

Plantxatzen ikasi dut ordutik,

aizu,

eta gustuko dut.

Ur beroaren lurrunak

zure hatsa gogorarazten didalako,

agian.

Edo, besterik gabe,

gustuko dudalako.

Baina hala ere,

arropak ez dit zuk zenuen

usain hura hartzen.

Asko saiatuagatik,

alferrik da.

Agian lixiba gehiago probatu behar nituzke,

baina diruak ihes egiten dit

gaueroko ronetan.

Zugandik gutxi ikasi nuen,

ez nizun arretarik jartzen,

eta pena dut.

Agian, maitatzen soilik irakatsi zenidan.

Baina nire zakurrari jaten ematera

joaten naizen bakoitzean

maitatzen ahaztea desiatzen dut.

Jada hau ez delako zoriona,

eromena baizik.

Iruzkinak

Koaderno horia I

2008 Abuztua 26 @ 22:27 (Belfast)

 

 

 

Egunak ez dira alferrik pasatzen.

Egunero ari naiz,

Bizitza eraikitzen,

Zer izan nahi dudan pentsatzen,

Nire benetako ni-a sortzen.

 

Badakit etorkizuna,

Argia ala iluna

Izan daitekeela,

Eta iluntasunari

Beldur izateari

aspaldi utziagatik,

bakarrik naiz,

gau ilunean.

 

Bakardadeari

Beldur diot

Nahi dudana

Ez denean.

Iraganari egin ohi diot barre,

Ez orainari.

Askotan ohartu gabe

Bihar gaurkoari egingo diodala.

 

Beldur naiz,

Hartu beharreko konpromezuen beldur.

Nahiz eta egin beharrekoa jakin,

Ez dut gaur egingo,

Hobe bihar.

 

Uste dut,

Gehiegi gustatzen zaidala

Nire inuzentzian zoriontsu izatea.

Iruzkinak

Ahmed

2008 Uztaila 30 @ 21:24 (Belfast)

Ahmedek ez du lagunik. Klaseetara joaten da eta bazkaltzeko zerbait jan ostean arratsaldea ordenagailuaren aurrean igarotzen du. Ordenagailuak errespetatu egiten du: berak agindutakoa bete eta arparik ez jo.

Gaur goizean eskolara eguzkitako betaurreko moderno batzuekin sartu da Ahmed.

- Oh, Ahmed, you have very beautiful glasses- esan dio isilik egon ezin duen klaseko oilarrak.

Ahmedek burua jaitsi du. Bera ez da halakoa. Ez da besteak bezalakoa.

Kalean topatzean ere, juxtu juxtuko agurra botako dizu. Eta jendeak ixila eta ezatsegina dela esango dizu.

Niri, ordea, gustatzen zait.

Iruzkinak

Ni ez naiz hemengoa

2008 Uztaila 28 @ 23:54 (Belfast)

Leihoa

Ohartzen naiz, tarteka,
leiho honetatik begira jartzen
naizenean,
ez nagoela nire lekuan.
Xake taulatik kanpo dagoen
peoia naiz.
Puzzle ia osatuaren
galdutako zatia.
Eta fitxa horiek
ez dute “fitxatasunik”
euren tokian ez badaude.
Nik ere,
“ni” izateko,
nire betikoa behar dut
inguruan.
Nire etxea, nire hizkuntza
eta nireak.

3 Iruzkin

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5