Erreklamazio orriak

2008 Azaroa 14 @ 23:51 (Galtzaileen kluba)

ametsa-2.jpg

 Oroitzapenak saltzen ditut kale ertzeko dendan.

Nahi duenak eskuragarri ditu erreklamazio orriak.

 

 

Iruzkinak

Egozentrikoarena

2008 Urria 21 @ 23:13 (Ostolaza´s reflections, Galtzaileen kluba)

Yo mi me conmigo

Gaua da, euri tantek pertsiana zulatu nahi dute eta Mick bere logelan dago.

Gauza material den orori heltzen dio: kitarra hartu du-hiru akorde jo eta utzi egin du-,  musika entzuten hasi da- kanta erdian itzali du-, liburu bati ekin dio- baina ezin ditu lau hitz jarraian irakurri…

Eta azkenik ordenagailua ireki eta bere buruaz idazten hasten da.

Orain ohartzen da zein egozentrikoa den.

Iruzkinak

Tximeleta

2008 Iraila 14 @ 22:08 (Galtzaileen kluba)


Tximeleta izan nahi duen

Harra naizela uste dut.

Amets egiten dut,

Hegoak hazi zaizkidala

Baina goizean esnatzean,

Tarteka,

Ohartzen naiz ezetz,

Oraindik asko falta zaidala

Tximeleta izateko.

Eta neure burua kontsolatzen

Hasten naiz,

Esanez,

Agian hobe dela horrela,

Besteak bezalako har bat izatea.

Bai baitakit

Tximeletek bizia labur dutela.

2 Iruzkin

Eta damutzeak ez dik ezertarako balio

2008 Uztaila 15 @ 16:30 (Galtzaileen kluba)

Ez dituk maite

biharamunak.

Batez ere, bezperan egina gorrotatzen duanean.

Bai, esaten didak lasai egoteko,

alkoholak ez duela barkatzen.

Baina tarteka ikasi nahi huke,

ixilik egoten,

eta begiraden jomuga izan nahi hori

ahanzten.

Betiko berritsuek betiko hitz berak esaten dizkiate behin eta berriz,

eta betiko moduan hitz jario aspergarriari men egiten diok.

Eta halakoetan berritsuen konplize huts baizik ez haiz bihurtzen.

Egia esan, agian hainbestetan errepikatzen diken batek

arrazoi pixka bat eduki zezakek.

Mick, inutila haiz.

Eta galtzailea.

3 Iruzkin

Galtzaileen kluba

2008 Uztaila 7 @ 12:00 (Galtzaileen kluba)

Galtzaileen kluba

Kale bazterreko taberna baten aurrean botata zegoen, ron botila eskuan zuela kantari eta aurretik igarotzen zen bakoitzari garraxi egiten zion. Denak beste espaloira igarotzen ziren. Beldur ziren. Lurrean botata zegoen gizarajo baten beldur ziren.

- Taberna horretan ez hadi sar, “Galtzaileen kluba” esaten ziotek.

Eta jendeak ez zuen ezer jakin nahi izaten. Gurasoek seme-alabei debekatu egiten zieten han sartzea:

- Toki arriskutsua da hori, hortik urrun ibili-esaten zieten.

Bizilagunek leihotik leihorako elkarrizketetan gogoratzen zituzten tabernan sartu ohi zirenak. Irakasleek, umeek kasurik egiten ez zietenean, taberna hartan sartuko zituztela egiten zieten mehatxu. Apaizek sermoietan etengabe aipatzen zuten leku hura galbidea zela. Prentsako iragarkietan ez zuten tabernaren iragarkirik onartzen. Politikariek ilegalizatu egingo zutela esan zuten eta polizia bidali zuten, kluba prezintatzera.

Eta hala gustura geratu ziren.

Baina eurak ez ziren ohartu, orduan ez zutela itxi eta ez dutela sekula itxiko. Guztiok igaro garela noizbait galtzaileen klubetik.

Matematikako azterketa suspenditu duena, pilota final batean partidua galdu duena, kasting batera joan eta hartzen ez dutena, larunbat gauetan lagun guztiek ligatu ostean etxerako autobusa bakarrik burumakur hartzen duena…

Inor ez da eurekin gogoratzen. Gizartean norbait izatekotan, onena izan behar da zerbaitetan.

Baina fisikan katedraduna den ikerlari ezagunena ere, emazteak uzten duenean, Galtzaileen Klubetik igarotzen da ron botila hustu asmoz.

Iruzkinak

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5