Kobratzailearena

2008 Azaroa 16 @ 1:18 (Ostolaza´s reflections)

  

  

Kobratzeari utzi zenion behin,

eta nik,

nik zure ahotsa entzuten dut

kartera irekitzen dudan bakoitzean.

Zorrak kitatuko ditut baina, 

gaxuak zu eta zutarrak.

 

Iruzkinak

Egozentrikoarena

2008 Urria 21 @ 23:13 (Ostolaza´s reflections, Galtzaileen kluba)

Yo mi me conmigo

Gaua da, euri tantek pertsiana zulatu nahi dute eta Mick bere logelan dago.

Gauza material den orori heltzen dio: kitarra hartu du-hiru akorde jo eta utzi egin du-,  musika entzuten hasi da- kanta erdian itzali du-, liburu bati ekin dio- baina ezin ditu lau hitz jarraian irakurri…

Eta azkenik ordenagailua ireki eta bere buruaz idazten hasten da.

Orain ohartzen da zein egozentrikoa den.

Iruzkinak

Zeharka

2008 Urria 17 @ 16:54 (Ostolaza´s reflections)

 

 Zeharka hitz egin bazenidan, ez nizun ulertu.

Ez bazenidan zeharka hitz egin, ulertu nizun.

 

Kontua da zeharka hitz egin zenidan ala ez.

 

Iruzkin 1

Zoriontsu

2008 Uztaila 23 @ 23:40 (Ostolaza´s reflections)

  

Ez dut sortu

Poemarik ederrena.

Ezta sortuko ere.

 

Ez dut eman

Barruan dudan onena.

Ezta emango ere.

 

Ez naiz

Irabazlea.

Ezta izango ere.

 

Ni,

Ez nintzen jaio

Onena izateko.

 

Baina,

Abesti batek

Malko bat lapur diezadake.

Muxu batek, beste bat.

Hitz batek, irri bat.

 

Eta zoriontsu naiz.

 

Iruzkin 1

Hau ez da literatur lehiaketa bat

2008 Uztaila 1 @ 23:45 (Ostolaza´s reflections)

 
Gaur ez dut idatziko
Bakardadea dudala lagunik onena.
Ez dut idatziko arrain haundiak txikia jaten duela.
Ezta gorroto bihurtu dela hasierako maitasuna.
Idatz nezake,
Alkoholetan itotzen ari naizela neskak utzi nauelako.
Nire amona hil dela.
Edota herriko apaiza fedea eta emakumeen artean
Hautua egin ezinda dabilela.
Hitz ederrez idatziko nituzke horiek,
Estoldak aipatuz,
Kaioak ere ez leudeke gaizki.
Malkoak, muxuak eta potolokeriak.
Baina ez,
Ez dut horietaz idatziko,
Ostolaza ez delako Literatur Lehiaketa bat,
Ostolaza sariak ez direlako existitzen,
Eta hemen,
Idatz dezakedalako
Nire bizilagunaz,
Aitonaren katuez
Edota zutaz.

Iruzkinak

Bi gorputz

2008 Ekaina 29 @ 17:19 (Ostolaza´s reflections)

 

 

Pekatari bihurtu ginen,

Izaren itzalpean.

Alkoholak bainatzen zituen gure burmuinak

Eta gorputzek, ihes egiten zuten

Zentzua zuen guztitik.

 

Ezpainen jolasa

Mihiarena bihurtu zen.

Amets gozo bat izan zen dena,

Zoriontsu izan ginen une batez.

 

Lurreko egur barnizatua

Estaltzen joan ziren,

Pixkanaka,

Gure kotoizko jantziak.

 

Eta erdi biluzik,

Lo hartu nuen zure besoetan.

Bi gorputz,

Itsatsita.

 

Baina eguzkiak pertsianak zulatu zituen,

Apurka,

Eta iratzarri ginen,

Ezpain jokoan.

 

Eta erdi biluzik,

Esnatu nintzen zure besoetan.

Bi gorputz,

Itsatsita.

 

Gaur, oraindik,

Zure tanga beltza

Gogoratzen dut

Oheratzen naizen bakoitzean

Iruzkinak

2 mota

2008 Ekaina 23 @ 0:08 (Ostolaza´s reflections)

Bi motako gizakiak daude: 

Beti arrazoia dutela uste eta ixiltzen ez direnak,

Eta gainerakoak.

Gainerakoak, ordea, oso gutxi dira.

Iruzkin 1

Beltza da geroa

2008 Ekaina 15 @ 14:58 (Ostolaza´s reflections)

 

Iritsiko da eguna,

Txorien kantuz argituko ez dena.

Ekialdetik eguzkirik aterako ez dena.

Elkarri “egunon” esango ez dioguna.

Iritsiko da eguna,

Bazkalondorik egongo ez dena.

Elkarrekin hitz egingo ez duguna.

Ipuinik buruz ikasiko ez duguna.

Iritsiko da eguna,

Gurasoak haurren bila eskolara joango ez direna.

Eta haurrak elkarrekin jolastuko ez direna.

Lagunak zer diren ahaztuko duguna.

Iritsiko da eguna,

Bikoteek muxurik emango ez dutena.

Bezperako parranda existituko ez dena.

Gaurik ez duena.

Musika, zarata bihurtuko da.

Gizakia, errobot.

Mendiak, errepide.

Herriak, hiri.

Natura, kutsadura.

Baserriak, pisu erraldoiak.

Lanak izango ditugu ilusioa, poza,

Zer diren gogoratzeko.

Lana bihurtuko da ilusio bakar.

Eta agian bakarren bat,

Orduan gogoratuko da,

Garai zaharretan aipatzen zuten

Ongizate hitzaz.

 

 

Iruzkin 1

Paradisua

2008 Ekaina 4 @ 0:01 (Ostolaza´s reflections)

 

Askotan esaten didazu,

ez garela gu mundu hau aldatuko dugunak.

Ongi dagoela amets egitea,

baina hankak lurrean eduki behar direla.

Baina nik, halere,

oherakoan,

izarei gehiegitan itauntzen diet

zer litzateken paradisua.

Zuk askotan diozu, ezetz,

hitz egitea eta lasai egotea

umekeriak direla.

Ekintzak direla aurrerapena.

Baina nik, halere,

oherakoan,

izarei gehiegitan itauntzen diet

zer litzateken paradisua.

Zuk lan asko egiten duzu,

eta esaten,

bizitzari zentzua lanak ematen diola.

Hamaika aldiz esaten.

Baina nik,

oherakoan,

izarei paradisua nolakoa litzatekeen

galdetzen jarraituko dut.

Iruzkin 1

Zure usaina

2008 Ekaina 2 @ 0:03 (Ostolaza´s reflections)

   

Edonon eta edonoiz

zure usaina nabaritzen dut.

Bazkaltzeko babarrunetan,

etxe ondoko errepideko kotxeek botatzen duten kean,

lokaleko tabako usainean,

eta frantseseko irakaslearen kolonian.

Zure usaina usaintzen dut, nahi gabe ere,

eta ez da gauzek usaina galdu dutelako…

Iruzkin 1

« Aurreko orrialdea Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4 Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5