Ganbeló-n bi ahots

2008 Maiatza 30 @ 0:55 (Paristarrak)

Jean Paul-ek lan egin beharrik ez, eta Tijuana Kafe ondoko Ganbeló aretora joan zen, gaua igaro asmoz.

Marradun korbataz eta soineko ilun dotorez jantzitako zerbitzariek egin zioten harrera. Jean Paulek gustuko zuen tokia. Ilun zegoen dena, eta kolore ezberdinetako argi apurrek mahai borobil batzuk bereiztea ahalbidetzen zuten. Zerbitzariak joan etorrian zebiltzan, edariak eta jatekoa dohainik eskeiniz.

Jean Paulek garagardo baso bat eskatu zion, garagardo garratz baso bat:

- Pouvez-vous me donner un verre de bière ?

 -Oh, oui monsieur.

Aurrera begira jarri zen, oreka jokoak egiten ari zen “marionnettiste” bati begira. Ona zen. Gustuko zuen leku hartako giroa.

Eta orduan agertu zen Elisa. Jean Paul urduri jarri zen, bere izaera lotsatia une luze batez gorrotatzera iritsi arte. Hala ere, Elisarengana hurbildu zen hizketara. Honek ere zerbitzariari deitu zion:

- Un verre de coca avec citronnade s’il vous plaît ?

-Oh, oui.

Eta hizketan hasi ziren. “Pour Elisa” belarrira xuxurlatu zion. Eta Elisak ere bazekien, bazekien, bazekien. Eta biek, bata besteari lagunduz, bi ahotsetan abestu zuten. Baina ez zuten guztiz amaitu…

                          

                                                                                                                                                                           …jarraituko du…

Iruzkin 1

Pianistarena

2008 Maiatza 23 @ 22:23 (Paristarrak)

                                                                           Pianiste 

Tijuana Kafen egiten zuen Jean Paul pianistak. Gizon isila zen, hitz gutxikoa, ingurukoak begirada lotsatiz agurtzen dituzten horietakoa.

Gauero jotzen zuen bere kolazko piano beltza, xuabe baina tinko, jokuan ari ziren bezeroen belarriak goxatzeko. Baina Jean Paulek bazuen Tijuana Kafen ohikoa zen dama bat, dama eder bat, Elisa, begiz jota. Gustuko zuen, eta ez galdetu zergatik, ez zekien, baina bai, gustuko zuen. Hala ere, ez zen ausartzen ezertxo ere esatera. Gauero dama ederrak bira ematen zuenean bizkarretik begiratzea zuen kontsolamendu. Bizkarretik.

Jean Paulek abesti bat asmatu zuen, Pour Elisa. Abestia bihotzetik atera zitzaion, barrutik, eta erabaki zuen Elisa Tijuana-ra joaten zen bakoitzean jotzea. Ez beste egunetan.

Bezeroen artean harrera beroa eduki zuen abestiak, edonoiz jotzeko agintzen zioten, oso ederra omen zen. Baina Jean Paulek ezetz esaten zuen, ezetz, ez zuela hura jotzeko gogorik.

Eta hala, Elisari jotzen zion soilik. Bazirudien, baina, honek ez zuela abestia gustuko. Ez zen une batez ere abestia entzuten jartzen, beste edozein abestirekin bezala jokatzen zuen. Elisak ez zekien Jean Paulen abestia berarentzat, eta ez beste inorentzat, zela. Hori uste zuen Jean Paulek behintzat.

Baina behin, gau batean, Jean Paul Tijuana Kafera sartzen ari zela, “Pour Elisa” aditu zuela iruditu zitzaion. Gelditu egin zen eta belarria zorroztu: bai, hura “Pour Elisa” zen. Harriturik, barnera sartu eta han ikusi zuen Elisa, kolazko piano beltzaren aurka, hatzak xuabe astinduz, emeki, dotore. Eta Jean Paulek begiratu egin zion, eta Elisak ere bai.

Eta Jean Paul munduko gizon zoriontsuena bihurtu zen

7 Iruzkin

Fantasiatxo bat Tijuana Kafen

2008 Maiatza 19 @ 22:32 (Paristarrak)

Tijuana kafe

 

Ateak itxi berri dituzte Parisko Tijuana Kafen. Etxera poltsikoak hutsik dituztela iritsiko diren jokozaleak banan-bana ateratzen doaz atetik…ilargiari behin eta berriro galdetuz euren bizitzek zenbat balio duten. Lehio ertzeko akordeoilari bizardunak azken notak jotzeari ekin dio, doinu lasai, paristar bat.

Marguerite zerbitzari lirainak erratza hartu du ilundutako lurra argitu nahi balu bezala. Pierre nagusiak dirua kontatzen du eskaileretan eserita. Pozik da. Egun ona gaurkoa. Ilargiaren printz ahituek Margueriten gerribuelta argitzen dute, pertsianen itzalekin batera.

Pierre nagusiak zeharka begiratzen dio. Neska polita da. Lizunkerien deabrua hasi zaio buruan bueltaka…

“Eskua pixkanaka sartzen dut gonape horretan…behatzak xuabeki mugituz, xuabe, oso…azala laztantzen diot. Neskari gustatu egin zaio. Ezpainen jokoan hasten naiz…emeki, xuabe, soilik ukitu, soilik ukitu…eta pixkana, pixkana, jokoan…eta neskari gustatu zaio…mingain dantza hasten da bapatean, eskuak gerrira joan zaizkit…erritmoa nahi dut.

accordéoniste!

un tango, s´il vous plait

akordeoia leiho ertzetik erritmo fikoan hasi da jotzen…gerrian eskuak. Zigarro bat piztu duzu.

 

Je vais te manger, madame

Zigarro ke artean erritmoari eutsi diozu. Hanka gora, behera, begirada sendoa. Berriro.

je peux être une tigresse…

 

Ez esan hori…gehiegi da…ezin dut gehiago itxaron…

 

j’ai le lit fait avec cuir de léopard…

 

Madame…madame…etzan hori esan. Etzan hori esan. Etzan hori esan.

Probokazioa.

 

Eta eromena. Akordeoilariaren erritmoa gutxiegi iruditzen zait. Gona kendu diot, behera, eta eromena hasten da…eromena”.

 

 

 Pierre nagusiak dirua kontatzen jarraitzen du. Ez da fantasiak asmatzeko jaio.

Akordeonistari begiratu dio zeharka…eta hau ere Margueriten gerriari begira ikusi du.

 

Iruzkin 1

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5